Herriko Etxea

Herria : | Non gira ? | Ekonomia | Jei taldeak | Hondarea | Turisma | Berri jakinarazleak | Harremanentako | Lehen holla |
| Historia | Arbailak | Kartieletako bizia | Saretako ürzoka |

Saretako ürzoka


Ürzoek Frantzia trebesatzen düe negüaren igaraiteko Iberiar Penintsülan, edo orano beherago Ipar Afrikan. Pirinioetako ürzo igarangia, Pirinio Garaiak eta Eüskal Herriaren artean da. Holaz, Xiberoa txori igarangia ezinago ederra da.
Lüzaz “piju” deitürik izan da. Nolaz ote, Loire ibaiaren aldegaineko ihizlariek gütiesten züen txoria bilakatü da txori ezinago noble bat, ekialde orotako jentea ametsetarik etxekitzen düan txori bat ?
Ürzoak setemer ürrentzean heltzen dira. Igaraite handienak San Lükas eta San Grat egünetan dira, ürrietaren 18 eta 19an. Setemer ürrentzea heltzen denean ihizlariak oro ezinegonean dira,hori da “ürzo mina” (le mal bleu).


Ihizteka aroak 50 egün iraüten dü: badira bi egün prestatze lanentako sasua abiatü gabe, eta beste egün bat sasu ürrentzean, ororen behar bezala biribilkatzeko eta goititzeko. Ihizlari bakotxak bere airekagia günea antolatzen eta zaintzen dü.








Hatsarrean egaririk ziren sareak kalamüz eginik ziren, kostaldeko mariñelek zütüen irüten eta ehünten. Ebia ari zenean franko pezü eta erabilteko gaitz ziren, bena aizearen kontre güti bühürtzen ziren.

Berantxeago, sareak nilonez egin dira,eta kaiola baten forma emanik izan zaie. Hanitxez arinago dira, erabilteko eta ihizeen atzamaiteko aisa, bai eta goiti tiratzeko ere. Halere nokü badüe: nilon ekeiak distiratzen dü ekian. Horrez, gain, hainen dira arin, non eta aizearrekin taigabe harrotzen diren. Aize hegoa denean, ürzoek aisa ikusten dütüe sareak harrotzen, eta bidetik bertan baztertzen dira.






Ordüan, lehen airekagietan diren ihizlariek xatarrak airean harrotzen dütüe, bai eta orroaz hasten ere, ürzoen sareer bürüz eramanarazteko.

Ondotik sareetako beste ihizlariek ürzo saldoa apalarazten düe.

Bere etsai handienaren aitzinean, ürzoak düan ahaloroz bizirik elkitzeko aihoaz baliatzen da ihizlaria. Ürzoaren etsai handienak builtrea eta belatxa dira. Horiek ürzoa petik atakatzen düe, bularraren joitez. Halako abiadüraren ardiesteko sai horik oso goratik jauzten dira eta azken mementoan ürzo saldoaren aldepeala igaraiten. Ihizlariek halako saiak ihikistatzen dütüe beren sareekin.




Halako oldarrer bürü egiteko, ürzoen elkibide bakotxa lürretik ahal bezain hüllan hegaltatzea da, saiak ez ditean haien aldepeala hel. Hartakoz, behera joaiten dira bürüz piko.

Azkenik, ihizlari batak lanaren segida hartzen dü eta ürzoa sareetara joanarazten. Lotsatürik sareetara sartzen dira eta ihizlariek sareak zerratzen dütüe.








Sareen üngürüan diren ihizlariak gordagietarik elkitzen dira atzaman ürzoen biltzera. Behin sarearen barnen troxatürik direnean, biltzaleak sarearen aitzineko parteala doatza. Zale-zalea biltzen dütüe, sekülan beste saldo bat igaran baledi prest baratzeko. Txoriak xamarraren barnen ezarten dütüe. Hau oihalezko beroki zinez largo bat da, urdiñ ala beltz, zabalik aitzinean eta gerria hari batek tinkatürik.






Ürzokan aritzeko baldintza zonbait ezinbestekoak dira :

- Aro hona

- Ihizlarien eskü kaldü hona

- Ikusliarren errespetüa (ürzokagia haboroxeetara joiten ahal dira ikusliarrak)

- Airekagietako ihizlarien odol bizia





Ürzoak bizirik atzamaiten dira. Artetarik sasuko lehen ürzoak ihizlarier saldürik zaitze, saldoen hüllantarazteko erabilten dira. Ondotik, ürzoak (hilik) ostatüer ala nahianter saltzen dira. Airekagietako nausiak xüxen badaki zoin ihizlarik erauntsi düan eta zonbat egünez. Sasu ürrentzean, irabaziek partekatü behar dütüe.

Güne zonbaitetan herriari edo lürren jabe bakotxari honenbeste ürzo eman behar zaie, erremestiatzeko. Beste zonbaitetan ihizlariak pakatzen dira, egin lanaren arabera. Aldi hontan ez ürzoz bena bai sosez.

Beste zonbaitek herriarena den güne bat alokairatzen düe, eta horren trük herritar bakotxari ürzo bedera emaiten. Ürzokagia bakotxak badü bere egiteko manera berezia.







Horrez gain, ürzokagia haboroxeetan lür elibat alokairatzen dira saretegi gibeleetan, aireala tiratzearentako. Hau sos egiteko manera hon bat da. Ürzokagia elibat kasik zerratürik izan ziren sos mentsarengatik düala urte zonbait.






Garatagoreneko ürzokagia

Ürzokagia hein bat berria da, 1900ekoa. 1980.urteala arte oso gaitz zen harat hüllantzea. 1980ean Urdiñarbeko oihaneko üdako alagietara bürüz zabaltü züen bidea.


Orano ere, ihizlari zonbaitek gaüa kabanetan igaraiten düe eta artetarik eraisten.


780 metrako goratarzünean kokatürik da, eta ihizteka neke da han. Bigerren Mündü Gerla beno lehentxeago, tenpesta batek izigarriko itxesak egin zütüan zühainetan. Zühain horietan saretegiak baziren. Horien berriz eraikitzeko behar izan düe hanitx gibeltü, kasik ezpondaren bazterreala.

Saretegien gibeltze horrek biltzeak baratxarazi dütü.

Gerla ondoko urteetan bezala, 1990an ere biltzeak apaltü eta osoki demendrentü (?) dira.

Txoriak ez dira Garatagorenera hüllantzen, eta ürzokagien geroa ez da ejer. Ez dü irabazirik ekarten herriarentako.

Nahiz eta Napaleko ürzokagian gaüzak oso ontsa joaiten diren, eta hura dela medio bi ürzokagietako fresak tapatzen diren, herriak bi ürzokagia etxekitzen ahal dütüa, hain ürzo güti biltzen bada?


Napaleko ürzokagia



Napaleko ürzokagia Urdiñarbeko lürretan da.


Sareak 500 edo 520 metretan dira. Ez dakigü jentea noitzaz geroz ihizen ari den Napalen. Segür ere 19. edo 20.menteetan hasi ziren.


Larderia eta manüa erabilten dira ürzokagietan. Hala jokatü behar da ihizteka hon izan dadin eta Napal beti ere lehenetan egon dadin.


Goratarzünaren arabera, ürzo saldoak Garatagorenera edo Napalera bürüz abiatzen dira. Aranaren aitzineko partean den batek jakinarazten dü eta xatarrak bere lana hasten. Hau ihiztekako gizonik inportanteena da. Ibarra oro begi bistan dü, saldoaren harat-honakak oro ikusten dütü, harek dütü gizonen ororen lan postüak joanarazten, biltzetik sareetara.


Oso bagostatürik den günea da Napal. Halere, eremü handi bat osoki moztü düe, 500 metrako lüzetarzünean eta 100 metrako zabaltarzünean, ürzoak lürretik hüllanago hegalta ditean. Bilzale jargiak zühainetan eraikirik dira. Ihizlariek bazterrak üsü xahatzen dütüe, ürzoer üdüritarazteko güne natürala dela. Beste gaintian, xatarra oihüz eta banderaren harrotzen hasten da, eta saldoa behartzen dü oihaneala bürüz joaitera. Holako gaüzek emeki-emeki eramaiten dütüe ürzoak saretegietako zepoala.

Inganatü ürzoen artean , güti dira biltzen direnak azkenean. Ez da %1a beno haboro biltzen. Ürzokagia bakotxarentako bardin da.

Gero horra da saretegi gibelean diren ihizlarien tiroa. Hori beste herri batetan egiten da, Muskildin. Tiroak franko aisa kausitzen dira han. Tiro hanitx eta hanitx egiten da eta ihizteka kirol bat bezala da han, ihizlariak izigarritan zotükatzen dira güne batetik besteala. Hartarako da lepoa famatürik.


Ihiztekaren arrakasta ikusirik, Urdiñarbeko eta Muskildiko herriek irabaziak partekatzen dütüe.

Saretegien arrakasta, bai eta Muskildiko aireala tiratzearen arrakasta, antolatze handi bat eta algarren arteko errespetü handi bat dela medio egin da. Xatarrak dü oro antolatzen, manera ezinago honean.

Oro ikusten dü bere günetik, ibarra eta üngürüan egiten direnak oro. Harek dü manatzen noiz behar den aireala tiratü. Ez zaio süstut saretegian gainetik badoan saldoari tirokatü behar, gibeleko ibarrean beste saldo bat atzaman nahi bada. Halako gaixki jokatzeak zorrozki gaztigatürik dira eta behin beno haborotan egiten badira, ihizlariak kanpoa ükeiten ahal dü.

Bazterrak kanbiatüxe dira, ez dira lehen bezain basa eta anple. Xatarrak artetarik hedexuri baten lana egin behar dü, ikusliarrak isiltzen ez direnean eta ihiztekaz deüsere ezagützen ez düenean.

Ikusliarrek behar düe ekürü egon eta hen arropek behar düe ahal bezain ez ageri izan. Ihizlariek erremestiatüren zütüe, eta saretegietakoek bardin...


Ütürria : L’encyclopédie de la palombe / Jacques Luquet / Editions Atlantica

 

Urdiñarbe herriaren webgunea.Urdiñarbe Xiberoan , Frantziako pirinio atlantico departamenduan kokatua da

Webgunearen carta

Urdiñarbe herriaren webgunea.Urdiñarbe Xiberoan , Frantziako pirinio atlantico departamenduan kokatua da.
Herriko Etxea 64130 Urdiñarbe
0033 (0) 5 59 28 07 63
comordiarp@cdg-64.fr