Herriko Etxea

Herria : | Non gira ? | Ekonomia | Jei taldeak | Hondarea | Turisma | Berri jakinarazleak | Harremanentako| Lehen holla |
| Historia | Arbailak | Kartieletako Bizia  | Saretako ürzoka |

Leküen izena :

Udiñarbe:

Victor Dubarat apezak (XIX.mentea) Urdiñarbe izena gisa hontan deskonposatü züan: urdia + harpea. Haritx hanitx den güne bat dela dio, eta hortako urdeak bere janaria aisa atzamaiten düala. Egia da harpe andana bat badela Arbailletan. Lehenago, aterbe gisa baliatürik ziren, gizonak hor jar zitean, bai eta kabaleak eta üztak ere.
Berantxeago, 1899ko iraültza denboran, Pierre Hastoy-ek Urdiñarbe izenari beste jatorri bat emaiten deio: ur-deia + harpe. Honek erran nahi lüke harpe bat lizateala zointan hura nasaiki kurritzen den. Hala da Garaibin harpe bat badela, zointarik Arangorena erreka ixurten beita.
Bai lehen idazleak bai bigerrenak aipatzen düe Arangorena. Halere biek Bidouze-ko ( Lapitz-hotza eüskaraz) ütürria ere aipatzen düe, hau Donaixti aldean delarik.
Ez dü hainen aspaldi, 1990an, Jean-Baptiste Orpustan-ek beste proposamen zonbait ekarri dütü : harpe hitza harri+pe gisa irakurten dü, hots harrizko güne bat, eta urdin berriz kolore gisa, hots blü edo urdin lizatean harpe bat. Halere, urdi ordoki güne bat ere izaten ahal dela dio eta beraz “ordokiko harpea” irakurri behar lizate Urdiñarbe hitza. Azkenik, konfidantxa habororekin proposatzen dü hitz alkartze hau : urd-ainhar-pe erran nahi beita, ilarre (bruyère) güne baten alde pean den ordokia.Urdiñarberen herri aüzo den « Ainharbe » izenak ere badüke horrekin zer ikus, alegia hau lizate güne bat non eta ilarrea pusatzen beita.

Lanbara :

« Landabarre »ren llabürdüra bat da hau, erran nahi beita “barneko landa”. Dubarat-ek Lanbarako güne ilarredünak aipatzen dütü.
Argazkia:
Behi saldo bat Lanbarako soro batetan. Behien üngürüan den biribila lehenagoko lürresi baten herexak dira. Bixkar hau Lümendi deitzen da eta edifizoa aldiz Gaztelüzarre. Ez dakigü sobera zertarako egaririk izan den, ez eta norek eraiki züan. Halere, leheneko jenteen antolakuntza handiaren seinale da, eta güne gotortü horik Bürdüin Aroaz geroz oküpatürik izan direla uste da, Napoleonen gerletara arte. Honen aldepean dügü Ahetzea jauregia, bai eta artzainen egongia zonbait ere. Mentüraz güne gotortü hori jauregiaren eta artzain egongien defentsa lekü bat zen.

 

 

 

Ahetzea:

Ahetze izena “aitz”-etik horra da, erran nahi beita “harri”-tik. Gaskoinezko hitza “Peyriède” da, “peyre”(harri) hitzetik.

 

 

Larhunzun :

Kartieleko etxe baten izena ere da. Larrantz + üne hitz alkartzetik jiten ahal lizate, eta beraz larrantz edo elorri güne bat lizate. Halere ez lizate baztertzekoa “larre” hitzetik ere jin leiteala.

 


Garaibi :

Heben indoeuropear-aitzin erroa atzamaiten dügü : garra. Honi lotürik ibi atzizki bat ere badügü. Lehenago, Urdiñaberen eremüa komandanteriaren eremüa zen eta ez haboro. Garaibi aldiz, oraiko karrikatik Garaibiko mainüetara arte hedatzen zen. Orano ere Arangorena bi erreketarik trebesatzen ahal da, karrikan bi zübü badira, erromanotar denborakoak.

 

 


Arangorena:

Urdiñarbeko errekaren izena da. Hau harpe batetarik abiatzen da eta herria trebesatzen dü. Orpustan-en ustez, “arangorena “ hitzak “aranaren müga” erran nahi dü. Ütsaltze denborak direlarik, Arangorena erreka anple bat da, bena ebi erauntsi handietarik landa huraren heina harrigarritan goratzen da.


Miranda:

Izen hau hanitx agertzen da Garonatik Ebro artean. Üsü etxe nobleen izena da, eta etxearen kokapenari erreferentzia egiten dü: izen honek goratarzünean den etxe bat markatzen dü. Harriari ere erreferentzia egiten dü, lehenago kartiela Peyriède Juson ere deitzen zen.

Urdiñarbeko komandanteria


Jente praubearentako eta bidajantentako ospitale bat zen hau. Aharra eta bekaxteria hanitx piztü zütüan ospitale honek sos hanitx irabazarazten beitzütüan. Herri hanitxek ospitaleari legarrak pakatü behar zeitzen, hala nola Mendik, Altzürükük, Garindainek, Muskildik, Bildozek eta Irabarnek.

Komandazale bat bazen komandanterian, üsü Orreagako kalonje bat. Xiberoko Biltzarraren bürü ere zen, bai eta Lextarreko korteko epaile ere. Urdiñarben “jargia berezi bat merexi züan bikarioaren meza denboretan”. Halere, ez züan erretorgoako kargürik joanarazten ahal.
Kalastra paperek dioienaz, Urdiñarbeko ospitalea eskolaren gibelean zen, Garaibiko bidean. Hürrüntxeago, ospitaleko eihera ere bazen, orai egongia pribatü bat dena. Apez nausi bat ere bazen (betiereko bikarioa ere deitürik dena), giltzain bat, eta elizagizon zonbait. Urdiñarbeko apez nausia Muskildiko apez nausia zen 1739 arte. Paper zaharretan ikusten ahal denaren arabera “Peyriède-ko bürüzagia” deitürik ere zen. Komandazalea aldiz ez zen üsü hor eta ez züan zinez gizon leiala üdüri: 1590an Arnaud de Maytie Urdiñarbeko komendazale izentatürik da, hil artino (1622an) eta Nafarroako kanzelieraren inkesta batek dio (1623) komandanteria hortan “ ez zaiela beilarier deus ere eskentzen”. Olorueko apezküpüa Urdiñarbeko komanderiaz jabetü zen sos zonbaiten trük” (Pir. Atl. Dep. artxibak) (“C’est par une indue et abusive conversion des fruits et des revenus” que lévêque d’Oloron disposait de la commanderie d’Ordiarp)

Argazkia: Argazkia Garaibiko bide zaharretik hartürik da. Exkerretarik, oraiko eskola eta Herriko-Etxea ageri dira, erditan Ospitalettua etxea, bien artean Garaibiko bidea, esküinetarik komandanteriako eihera.

1189az geroz, Orreagako Apatiako Augustinoek komandanteria bat sortü züen Urdiñarben. Erdi-Aroko ospitale bat zen, bidajantentako eta jente praubentako eginik. Ospitaleak erien artatzeko eginik ziren, bena bai eta ostalerentako eta hor eküratzen zen edozoinentako ere. Frantsesezko “hospitalité” zentzüa düe, erran nahi beita batzarrigüne direla. Hanitx baziren esküalde hontan eta herri hanitxek izen hori begiratü düe: Ospitalepea, Hôpital d’Orion ..etb
Ez dügü ezagützen xüxen noiz eraikirik izan den Urdiñarbeko komandanteria. Historialariek dioie, Xiberoko noble baten karitate kiristiari esker hasi zela. Hau, Jentaineko etxekojaun noblea ümen zen, Lou de Janute, zoinek eta eman ümen züan (berak edo bere ondoko batek) bere eremüen parte bat eta bere legarrak Urdiñarbe eta Muskildi herrier.
Urdiñarbetaz mintzo den lehen dokümentüa 1189koa da. Hau St-Michel elizaz eta bere elizgizonetzaz ari da. Bigerrena, berriz, 1270koa da eta ospitalea aipatzen dü. Ospitale hori 1189 eta 1270en artean altxatürik izan da segür ere.
Komandanteriaren sos xahützeak franko zabal dira: urte oroz 40 libera pakatzen dütü elizaren entretenitze lanentako (Bordeleko Parlamentüak manatürik) eta 21 libera Olorueko apezküpüari “arciot” delakoarentako. Komandanteriak errektoreari 30 robo (robos) ogibihi eman behar deitzeio, 14 robo ürri (millet), 21 konka sagar eta 3 libera sos idorrez. Horrez gain, urtean hirutan errektorea, giltzaina eta beste elizgizonak jatera kümitatü behar dütü.


Argazkia:
Orreagako beilarien apatia.
Esküinetarik, Karlomanoren otoizgia eta goraxeago Kolegiala eta Fraidetxea.

 

XVI. mentetik harat, Frantzia eta Espainiaren arteko gerlak direla kausa, Orreagak ez dütü bere etxaltesariak aisa ardiesten Frantziatik. Komandanteriak üsü elizgizonetarik edo laikoetarik bahitürik ziren, apezküpüen lagüntzarekin. 1603an Arnaud de Maytie-k ( Olorueko apezküpüak) Urdiñarbeko Komandanteria bahitzen dü. 1683an berriz, Bonecac kalunjerak dü bahitzen Olorueko apezküpüaren izenean. Horrez gain Orreagak Frantzian dütüan hontarzünetaz bekaixtitürik, zonbait iseatzen dira horien ebastera. Auzia, “kanpotiarrak beitziren, eta hartarako ez beitzüen irabazi elizatiarrik ükeiten ahal Frantzian”. Ata, Henri IV.ak, ordüan Frantziako eta Nafarroako errege zenak, segürtatü züan Nafartarrak oro eta bereziki Orreagako kalunjeak ez zirela kanpotiarrak eta irabazi eliztiarrak ükeiten ahal zütüela.
Trahola güzi horik direla kausa, auzi hanitx eginik izan ziren Bordele, Tuluza, Donapaleü eta Pariseko Parlamentüen artean. Ezi,1558an, Orregako kalunjeak nahi izan zütüen Frantziako beren hontarzünak kanbiatü Baionako apezküpüak edo Tolosako St-Sernin-en Espainiako hontarzünen trüke. Bena XVIII.mendelat arte, azken horik ez ziren proposamen horrez interesatürik izan, ez beitzüen problemarik beren hilabetesarien espainiarretarik ardiesteko.

Argazkia:
Komandanteriako eihera, karrikaren bürüan da, Garaibiko bidean. Bide hau bide berria da, zaharra Arangorena errekaren beste gaintitik igaraiten zen. Bide zaharrean erromanotar denborako zübü bat bada eta mürrü batan küxkü bat bada. Bide zaharra peko lürren gainetik igaraiten da, üholdeetarik babestürik da eta hürruntxeago bide berriarekin algarganatzen dira. Egünko egünean, Arangorena erreka üholde arrisküetan da artetarik, bereziki bedatsean eta larrazkenean. Autoak bortxatü dira bide zaharretik igaraitera.

 

1635ean, Philippe IV.a Espainiako erregeak, Orreagari baimena emaiten deio Baionan dütüan hontarzünen ebasteko, Frantzian bahitürik izan zirenen ordaritarako. Ordüan, Luis XIV.ak ber gaüza egiten dü frantses elizgizonekin eta hor dira hasiko Baiona eta Orreaga tratü gaitzetan.
Bilkürak nahi bezala ez igaranik, 1712ko azaroaren 11an, Baionako Apezküpü egoitzan, Baiona eta Orreagak trük egiten düe. Frantziako eta Espainiako erregek hitzarmena izenpetzen düe 1712ko abentüaren 23an. Clément XI.a Aitasaintüak hau baieztatzen dü. Ondotik, 1719ko azaroaren 28an, Iruñako apezküpüak ere baieztatzen dü. Ondorioz, Orreagak Baionari 11000 lüs haboro eman zeitzon (ezen, Espainiako hontarzünek frantses hontarzünek beno balio haboro beitzüen).
Holaz, 1715ean, Urdiñarbeko ospitalea Maulera leküzaldatzen da, Ospitale Nausiala, egün St-Louis Ospitalea deitürik dena.

 

Urdiñarbeko ospitalea Erdi-Aroan:


Erdi-Aroan Urdiñarbeko ospitaleala izigarriko jentezionea hüllantzen zen. Halere, XVI.mentean hortik igaraiten zen norbaitek dio Urdiñarbe hegoaldealako bide handietarik hürrün baratzen dela. XVIII.mentean Luis XIV.aren manüz, Urdiñarbeko Ospitalea Maulera leküzkanbiatzen da. Sartaldeko bideen bizitarzünak (zübü, batzarrigüne...) Baiona eta Nafarroaren gibelaldean,bai eta beilarien akidürak ere Olorue eta Donibane-Garaziren arteko bidea galtzera eramaiten düe. Beilari haboroxeak bortüondotik Biarnoala eta Baxenabarrala bürüzko bidearen hartzen hasten dira. Baionarik eta Bordelerik abiatzen diren itsasbideek bogü egiten düe, eta nahiz aspaldixkan erabilirik izan, bidajatzeko manera oso segürra eta zalea bilakatzen da eta bide gaineko joanjin handiegiak apalarazten dütü.
Egünko egünean, Urdiñarbeko Ospitaletik eliza baizik ez da baratzen, bai eta eskola gibeleko eihera eta Garaibiko bidean den bastiza, Ospitalettua deitzen dena.

XI, XII eta XVIII. menteak


Urdiñarbeko St-Michel eliza lehentze aipatzen düe 1189an. Ospitalea berriz 1270 beno lehen aipatzen da, segür ere data hortan eraikirik izan beitzen. Denbora haietan Ürrikalmentü-Ospitalea (Hôpital de Miséricorde) eraikiko da,egünko Ospitalepea. Hau, Urdiñarberen ber bide herrokan da, hoinka egün bat bide kontatü behar da. Herroka horrek Olorue eta Donibane Garazi partzen dütü eta Espainialako bidea Orreagatik zabaltzen.
XI. eta XII.menteetan Xiberoak eta beste herrialdeek bogü egiten düe. Egün ezagützen dütügün erromatar denborako zizelanak oro ordükoak dira. Aragoiko erregeak Mauleko gaztelüa eraikitzen dü, Maule-Gaineko bastidarekin batetan. Atharratzek ere badü ordü haietako bastida bat. Bastida bakotxak ohidüra berezi bat badü eta ondorioz merkatüak eta ofizialegoa hedatzen dira.
Ingelesak lürretaz jabetürik ere, Xiberoak bere Biltzarra begiratzen dü: Zinbideak. Honekila botineko lürrak, herri aüzoetako hitzarmenak eta erregeari zor zaitzon legarrak joanarazten dira. Hortzaz gain, Xiberotarrek armak berekin ekarten ahal dütüe. Hau gaüza hon bat da, jakitez ordü haietan bazterrak minbera zirela. Biarnoak adibidez Xiberoa bereganatü nahi züan Frantziako Erregearentako, eta Nafartarrek berriz Xiberoaren gainen züen eragina begiratü nahi züen.

Pirinioetako bi gaintien arteko harremanak


Düdarik ez da aria eta kültüra bat ageri dela Pirinioetako bi gaintien artean. Aspaldidanik bi gainti horien artean harreman süharrak badira, eta hen ekonomiak bata-bestearen hazle dira. Jakin behar da ere Erdi-Aroan Nafarroa eta Aragoi-Biarnoa herrialde mügazgaintikoak direla. Horiek, Pirinioen bi aldeetan hontarzünak badütüe, hala nola Orreagak Urdiñarbeko komanderia badü, eta Somporteko St-Kristinak aldiz Ospitalepea eraikiko dü. Hortako, Pirinioetako mendi herroka ez da iholaz ere traba bat
Harreman horik direla medio, bideak zabaltüko dira eta salgeiak, beilariak eta edozoin jente libreki kurritzen ahalko dira.
Urdiñarbeko plazan izigarria hur-igangia eta zübü bada. Pentsatzen ahal da Urdiñarbe igarangia herri bat zela Arbailletako alagietara bürüz. Bigerren Mündü Gerla denboran, Arbaillak iheslekü ere ziren.
Urdiñarbe herria Orreagari lotürik zen. Honek beste komandanteria zonbait bazütüan Pirinioen iparraldean, hala nola Donazaharren, Bidarrain edo Arsoritze Ospitalean. Bastiza horiek algarrenganik lotürik izan behar züen, eta ekeiek Orreagarat igorri behar züen, Orreagan egin eskentzak oso handiak eta famatüak beitziren Erdi-Aroan.
Bazterretako bideetan, joan jinak izigarrikoak ziren (orga, kabale saldo…). Portüzainak lehiakan sartü ziren portü aüzoekilan, zoinek fraidetegi ederrago üken eta zoin batzarri egile handiagoa izan eta beraz beilariek zoini ikustate handiagoa ekar.

Errekonkista


711.an, mahometanoak Iberiar Peninsulan sartzen dira Gibraltar aldetik. Hedadüra ikaragarria hartüko düe, eta Frantzia hegoaldeala heltüko dira. Ondotik, Ebro eta Andaluziaren artean etxekirik izanen dira. Hortarik landa, eta builta lüze batentako, Espainia bi zibilizazioneren artean partekatürik date. Iparraldeko erresuma kirixtiek (Aragoia, Gaztela, Nafarroa) beren bürüak mehatxatürik senditzen beitzütüen, indarrak algarjüntatzen dütüe Peninsularen ondarraren salbatzeko. Xede hori deitzen da “Errekonkista”. XI.mentean Omeyade de Cordoue kalifa erorten da eta horrek errekonkista bixkortzen dü. Hegoaldeko erresuma kirixtiek iparraldeko jaunen eskükaldüa esperantxa düe, aspaldidanik harreman honak beitütüe. Eta hala non Akitaniarrak, Biarnesak eta Frantsesak hasiko diren mahometanoen kontre gerlan.
Hortarako, bideak behar dütüe, bai gizonentako, bai ekeientako eta bai armentako. Horrez gain, mahometanoer arrahartü berri diren lürrak behar dira arrabiziarazi kirixtiekin. Espainiala bürüzko bideak hasten dira kargatürik izaten. Hortik igaraiten den jentezioneak üdüri lüke beilari saldo bat. Egia da kürütxada honek beila baten ütxüra düala: bidajantek erlijionezko arrazuentako egiten düe bidea, eta gerla saintüa bakotxaren bürüaren ürrikaltze estakürüa bat da. Eta ez hori baizik, iparraldeko jaunak eskertzen dütüe errekonkistan parte hartürik eta horrentako sos emaiten deie, bai eta mahometanoer hartü lür zonbait ere.
Ekialdea ere, eta bereziki Jerusalem mahometanoen esküetan dira. Han ere kürütxadak beharrezkoak dira Ehorzgüne Saintüaren libratzeko. Hortako, kürütxadako güdükalarier bidea moztü behar zaie eta Jerusalemerako bide bat zabalarazi . Gaztelak Konpostelako Jondane Jakobe lagün (?) hartzen dü zaldünen bereganatzeko mahometanoen kontre.
Beilen inportantzia Erdi-Aroan:
Erdi-Aroko kirixtiek sinesten düe beilak direla medio Jinko Honak bekatüak parkatüko deitzela. Herrietako beilak ere egiten ziren. Victor Dubarat-ek hau dio: “egünko egünean orano ere sinesten da Jentaineko hurak sendatzeko ahalak dütüala, bereziki begien eritarzünen kontre. Sinesmen hori urtez eta urtez bizirik izan da, bena elizatiar zentzüa galdü dü “. XIX.mentean, eta Konpostelako kalunjerak erraiten düanaz aparte, Jondane Jakoberen errelika hanitx ba ümen da Frantzian. Frantsesak orazione emaitera joaiten ahal ziren xüxenka Jondane-Jakoberat, Galiziatik igaran gabe, hots bidaje lüze, akigarri eta lanjerus hori egin gabe. Tuluza adibidez horietarik zen, St-Sernin basilikan saintüen errelika hanitx beitziren, baita Jondane Jakoberen korpitz bat ere, zoinek eta beilari hanitx jinarazten beitzütüan. Ospitaletara hüllantzen ziren beilari saldoak üsü herriko beilariak ziren, eta horien artean güti baizik Konpostela bideetakoak ziren. Jüstoki, Konpostelako bidajantak ziren süstut galteginik, eta emeki emeki Konpostelaz kanpo ibilten zirenek kanpoa üken düe. Ezi, egün beilarietaz mintzo girenean, Konpostelakoetaz baizik ez gira kasik ari.

Urdiñarbeko St-Michel eliza


Urdiñarbeko eliza besteak ez bezalakoa da: aldegainean mürrüxka bat badü, eta honen aldegainean zeiñutegi karratü bat, lau torre txipiz üngüratürik. Hor ageri den erlojüa geroztik ezarririk izan da. Apezaren nahia zena halako eliza baten eraikitzea edo herritarrena, beren herriaren goresteko ?


Elizak pean baizik dü eraikintza erromanikoa. Ezi, 1570an sü emanik izan zaio eta ondotik arra -eraikirik izan da. Alde barnean, kanpoan bezala, ontsa ageri dira eraikin zaharraren eta arraberritüaren arteko herexak harrietan. Sargiako harriak hobeki moztürik eta pausatürik dira. Kanpoan, harrien kolore beltxanak süte bat izan zela salatzen dü.
Leihoak ere desbardinak dira: erditan oso hertsi dira kasik armazilo zonbaiter pentsarazten düe. Bestaldean aldiz, arte handiagoak badira, argiaren sartzen üzteko.


 

 

 

Eraikin erromanikoaren berezitarzüna da “elizabularra labe zola manerala düala eta bi saihetsaltareak, berriz, bi gaintietarik üzteitürik». Harri-habeak porrokirik izan dira bena ontsa sogitez ohartzen gira marrazki elibat badirela eta horien artean bürü bat.

 

 

 

Altaregaina zurez eginik da eta ürre kolorez tintatürik. XVIII.mentekoa da eta dokümentü ofizialetan ezagütürik da. Eliza erromaniko haboroxeak bezala ez da eraikin oso handia, xümea da, bena zinez ejerki lantürik. St-Michelen irüdi-harria aspaldian ebatsirik izan da.

XVII.mente ürrentzea eta XVIII.mente hatsarraren artean, Eüskal-Herriko jentetzea hain da emendatü, elizetan selaureak eraiki behar izan direla. Gizonak han jarri dira eta emazteak, aldiz, pean baratü, haiek beitüe prefosta hilen axola. Lehenago jenteak elizaren barnen ehorzten ziren, eta ondotik eliza heipean (bereziki jente handiak).


 

 

 

Eliza sargia berezia da: bortaren alde gainea hiruki formaz eginik da, tenplo batetan bagina bezala. Hori güne sakratüen seinale da. Altaregaina 18.mentekoa da eta hau altare gisa egarten züen iganteztako mezetan. Pean, Kristoren aintza-agerpena hatsarre-hatsarrekoa da. Zoladüran ekiaren sinboloa ikusten ahal dügü, honek Kristoren zelüalat igaiteari erreferentzia egiten deiolarik.

 

 

 

 

 

Eliza heipea 17.mente hatsarrekoa da. Hor egiten ziren bürüzagien arteko bilkürak (apez, aüzapez, …) eta erabaki handiak hartzen.


 

 

 

Urdiñarbe herriaren webgunea.Urdiñarbe Xiberoan , Frantziako pirinio atlantico departamenduan kokatua da

Webgunearen carta

Urdiñarbe herriaren webgunea.Urdiñarbe Xiberoan , Frantziako pirinio atlantico departamenduan kokatua da.
Herriko Etxea 64130 Urdiñarbe
0033 (0) 5 59 28 07 63
comordiarp@cdg-64.fr