Herriko Etxea

Herria : | Non gira ? | Ekonomia | Jei taldeak | Hondarea | Turisma | Berri jakinarazleak | Harremanentako | Lehen holla |
| Historia Arbailak | Kartieletako bizia | Saretako ürzoka |

Arbailletako mendialdea besteak ez bezalakoa da: gainordokia erdi-oihanstatürik eta harriztatürik dü, xiloka barnaz beterik da, bai eta nabailaz eta tiniz ere.
Oroz gainetik besteetarik hürrün izateak deio bere berezitarzüna emaiten. Xiberoko bortüetan ohatzen da eta misterioz eta ustegabekoz beterik da. Horko harpe, zilo, leze eta eremü karsiko horien üngürüko istoria hanitx badira. Laborantxa eta oihanzaingoa orano ere bizirik dira. Bortükarientako eta ama lürrari etxikirik den jentearentako güne amiragarria da.

Günea


Arbaillak goratarzün heintto batetakoak dira (700 metra, bataz-beste).Tinirik gorena Ihatea da 1 286 metretan, hau Altzürüküko lürretan kokatürik da.
Paper ofizialeek Arbaillak bi probintzien artean kokatzen dütüe, Xibero eta Baxenabarreren artean.
Lau kantonamentütan eta 18 herrietan hedatzen da :
Baxenabarren :
Iholdiko kantonamentüan: Bünüze, Hozta, Ibarla, Donaixti-Ibarre
Donibane-Garaziko kantonamentüan: Ahatsa-Alzieta-Bazkazane, Behorlegi, Düzünaritze, Gamarte, Lekünberri, Mendibe
Xiberoan:
Maule-Lextarreko kantonamentüa: Altzürükü, Mendikota, Muskildi, Urdiñarbe
Atharratzeko nantonamentüa: Altzai-Altzabeheti-Zunharreta, Gamere-Zihiga, Sarrikotagaine, Ozaze-Zühara

Bazterrak


Arbailletako tiniak :

Beltxü (1.129 metra) :
Beltxü, iparraldeala bürüz da. Arbailletako tinirik gorenetarik da, tinia tipil eta biribilxka dü, haga handi batez beztitürik . Aldepean 2.5km-ko ordokia bada, larre zabal baten ütxüra emaiten deiona. Izigarriko bista ederra bada Donaixti-Ibarrera bürüz..

Zaboze (1.178 metra) :
Hegoaldetik sogitez, besteetarik aisa berexten da, bere tini harristatüagatik. Bere maxelak aldiz bagoz beztitürik dira, harriaren gainean ekintürik.

Behorlegi tinia (1.625 metra)
Sartaldetik edo ekitzalgiatik horra denarentako, Behorlegiko tiniak sokarrozko hortz püntotx baten ütxüra dü. Iparraldetik edo hegoaldetik ikusirik, aldiz, bazterrik gabeko tini bat dela emaiten dü, ipar-ekialdeala lerratzen dena.

Etxekortea (1.206 metra) :
Alabadere ederra da. Beltxüren sortaldean da, Lapitz Hotzeko hur sorgiaren aldegainean. Etxekortean ola bat ere bada.

Ihatea (1.286 metra)
Mendialdeko tinirik gorena da, bena oihanaz oso tapatürik da. Ez da harat aisa hüllantzen, eta ebilzaleentako bazterrak lanjerus dira, oro harriz beterik beitira.

Bohokortea (1.214 metra)
Bohokortearen aldepean Ahüzkiko ütürria sortzen da. Hegoaldean kokatürik da eta ütxüra animalekoa dü. Maxela aldepean da ere Ahüzkiko ostatüa plantatürik.

Beligaina ( 1.073 metra) :
Beligaina, ekialdean da. Tini pezü eta harritsüa da, tartaz eta sokarro-akoz beterik.

Geologia

Euskal-Herriko Pirinio iparraldea harzola herziniar batetan ohatzen da (socle hercynien). Horrek erran nahi dü plaka tektonikoak franko agüdo direla güne hortan: Arbaillak hortxe berean dira.
Pirinioen sortze aroan, düala 4,5 miliar urte, lürren plegadürek Arbailletako tramüzola sortü züen. Hau eremü karstiko bat da. Iparraldean sokarroek lagüntü dütüe eremüak oihanstatzen. Hegoaldean berriz, lapizgüneak alagia dira. Sokarro lapizdünek huraren harat-honatak mügatzen dütüe. Molde karstikoak forma desbardinak hartzen ahal dütü: sokarro-sako edo lapiazak, zilunkak, (“avens cachés”), ordoki barnak, naba ütsaltüak.

 

Hurbideak


Zortzi dira mendialdean sortzen diren hurbideak, bena batak ere ez dütü Arbailak osorik trebesatzen. Hura kurritzen da eta lurpealatzen. Holaz lürpeko errekak sortzen dira eta iparraldeko ibarretara bürüz elkitzen. Hur arrasorgia berriak egiten dira, hala nola Donaixti aldegainean diren Lapitz Hotzeko hurak.
Jacques Bauer jakintsünak dio Arbailetan lau hurgüne karstiko badirela.

Klima


Bortüetako klimak bai eta Atlantikokoak ere, nahi ala ez, Arbailletako aroari eragiten deie. Arbailletan klima aski ezti eta ekitsü da, bena hezea ere. Tinietako ebi erauntsiek 1.400 eta 2.000 mm-koak dira, eta güti gora behera 150 ebi egün bada urtean.
Üsü arramaiatzaren eta üztailaren artean bazterrak lanapean dira eta tenperatüra 12.5°koa da Arbailletan, 7° koa tinietan. Bortü gaineko aroak egiten dü lantareak handitzetik eküratzen direla, karrua eta aizea direla kausa. Topografiak klimaren ondoajeak kanbiatzen dütü eta güneko klimak erabakitzen. Ezi, ohartü gira lantareetan mediterraneo eragin bat ageri dela: aize beroak borogatzen dira eta güne idor elibat sortzen.

Lantaredia


Bi lantaredi süerte badira Arbailletan:

Mendialde bazterrean diren lantareak:
-Haritx bilozüak
-Haritx xankodünak
-Ünpürützeak
-Otatzeak
-Iraztorrak

Mendialde erditan :
-Hagintzeak
-Izeiak
-Haritxak
-Lexarrak
-Axtigarrak
-Zünarrak (ütürri bazterretan)
-Axpiltzeak
-Landak eta sohakiak

Jentearen bizia Arbailletan


Etxegintza :

Harpe-ikerzalentako Arbaillak haütü dira, arroilaz, harpez eta lezez beterik den günea beita.
Betidanik jentea aisa hüllantü ahal izan da Arbailletara. Karru Aroan ere jenten egongiak baziren eta hartz beltzak eta harpeetako hartzaren herexak ere atzamanik izan dira. Badü berrogei bat urte hasirik direla günearen ikertzen, ez haboro. Boucher jauna lehenetarik zen.
Ikertürik izan direnak:
-3 harpe apaintürik.
-2 harpe egongiatürik.
-12 harpe ilerri gisakoak, 40 üzkinekin bena denetan ebasteak izan dira.
-3 harri-mahain.
-Harri-heipe bat
-Hiru güne protohistorikoetarik bat.
Argazkia:
Erbinea harpea erorik.

Arbailletako mendialdeak manera hoberenean erakusten deikü Ekialdeko Pirinioetan gizakiak eraman bizia.

Historikoa :
Katernario denboran, Neandertaleko Gizonak, egongia, gordalekü, ilerri, eta otoizgia gisa erabilten dütü harpeak.
Aroa eztitü zenean, leküko lehen jentarteak hasi ziren egiten eta haiekin laborantxa eta kabale hazteak (behi eta ardi). Artzainen denbora da. Halere harpeetan bizi dira orano ere.
Garai Neolitikotik landa heltzen da Metalaren Garaia (kobrea eta brunza).
Ehorzgüneak eta harri-mahainak hilen gürtze güneak dira. Botingoako ehorzgüneak düala 3.000 urte arte egaririk izan dira (baratzeak, trikuharriak)
Paleolitiko denborako bixkarrünetako bizitik bortüko biziala igaraiten gira.
Lepo eta garate ttipietarik bortüetako alagietara zabaltzen dira bideak. Hor da hasten bortüka.
Jenteek, harpeak gordagia gisa erabilten dütüe, bai eta barrükü edo aska gisa ere.
Aroaren eztitarzüna ikusirik, jentea kanpoan bizi da, ola zonbaitetan oraiko artzainen gisa.
Argazkia: Ithe 1 harri-mahaina.

 

Ola, artzainen etxanot bat da (6x6m). Mürrüak harriz eginik dira eta hegatza berriz oholez. Olak hur günetarik eta oihanetarik hüllan dira, egürraren aisa biltzeko xedez. Egürra lantzen düe lantresnen egiteko eta prefosta berotzeko.
Argazkia: Ola

 

 

Oihana

Oihana ororena da. ONF erakunde püblikoak dütü herriko oihanak eta patxuergoako oihanak joanarazten. 4.535 hektara dira orotara. Oihan haboroxeak bagadoiak dira eta herroka eremü oso bat hartzen düe. Halere, jenteen lanek, oihankak eta alagüneek horik oro kanbiarazten ahal dütüe.
XVIII. mentean, egürraren langintza egiten da, eta bagadoiek kanbio handiak egarten dütüe. 50 langile beno haboro ari dira Arbailletan. Egürra labe berezietan bestelakatzen düe, sabaietan metatzen eta ürrüpeala igorten. Ondoan ofiziale lanak hedatzen dira: eskalanpu egileak, birla edo zetabe egileak.
Egün orano ere oihankako lana bizirik da. Lan egiteko manerek bogü egin düe. 1.950 urteetara arte kabaleer karrearazten zeitzeien haxeak. Bena soka teleferikoa heltü zen ondotik bai eta oihanetako traktürrak eta “hélicordage” delakoak ere.

 

 

Artzaingoa egün


Ola, artzainaren axolbea eta lankia da. Hor da ari jeisten, gazna egiten eta ardietzaz axolatzen. Arbailletan hogei bat ola ediren daite.
Artzainak bortüko lürren algarrekin joanarazten hasten dira XI.mentean. Ola bakotxa batarzün bat da eta artzain saldo bat ari da hor lanean. Txotxa edo partea artzainaren etxondoari lotürik da eta etxaltearekin batean ondokoer igaranazten zaien eskübidea da. Eskübide hori düanak olaren eta olaren üngürüko eremüen libreki baliatzeko züzena dü.
Egün 15.000 ardi manex bada alagietan, bürü gorri eta bürü beltzak, bai eta 1.000 behi eta 200 montüra.
Alagiak hiru maneretan entretenitzen dira:
Sühakaz (negü hatsarre edo ürrentzean): oteari eta kaparrer sü emaitez.
Iratzekaz: iratzearen moztez, iraurgei gisa erabilteko gero.
Bekanikaz ehaitez
Kabalen bortüalat eramaite aroa lüze da Arbailletan, aro eztia dela medio maiatzetik azaroala egiten ahal beita.
Argazkia:
Bortükako bide zaharra.


Nontik hartürik : Anne-Laure Suhubiette –“Raconteur de pays”.


Arbailletzaz habororen jakiteko, ONF erakundeak eta Xiberoko Botingoak irakasbide libürü bat elki düe “Massif des Arbailles” izenekoa.

 

Urdiñarbe herriaren webgunea.Urdiñarbe Xiberoan , Frantziako pirinio atlantico departamenduan kokatua da

Webgunearen carta

Urdiñarbe herriaren webgunea.Urdiñarbe Xiberoan , Frantziako pirinio atlantico departamenduan kokatua da.
Herriko Etxea 64130 Urdiñarbe
0033 (0) 5 59 28 07 63
comordiarp@cdg-64.fr